Our Blog

Frank Lloyd Wright

Zu ere hemendik? Ez kezkatu. Egon lasai. Arkitekturari buruz hitz egin nahi dizugu, eta horrek pertsona askori nolabaiteko itolarri bat sorrarazten die. Etorri gurekin, eta azkeneko hamarkadetan gure gizarteak izan duen aldaketaren berri emango dizugu, joan den mendearen isla izan zen arkitektoaren eskutik. Arkitekto estatubatuar bat dugu gure pertsonaia; izan ere, onerako edo txarrerako, XX. mendea amerikarra izan zen. Gure protagonista Frank Lloyd Wright arkitekto handia dugu, baina bera arreta-zentroa den pastoralean beste hainbeste aktore ikusiko ditugu. Ez gara, aitzitik, hutsalkerietan eroriko. Ez duzu hemen azaleko hausnarketarik topatuko, ezta argazki zaharretan agertzen diren etxebizitzen deskribapen akademikorik ere. Arkitekturak gure bizitzan izugarrizko eragina duen bezala, bizimodu horren isla izateko gaitasuna du. Horrela bada, XIX. mendearen erdialdetik XX. mendeko 60ko hamarkadarainoko bidaia egitera gonbidatzen zaitugu; hau da, Wright jaio zenetik hil zen arteko bidaia egitera.

wright

Bakarrik al zaude? Etorri bada gurekin, oraintxe gara sartzekotan. Nolakoak diren gauzak, Guggenheim Bilbao museoa dugu Wrighten lanen erakusleihoa, 2010. urteko otsailera bitartean gutxienez. Bi genio amerikarren lanak bata bestearekin kontrajartzen zaizkigu; Frank (Wright) eta Frank (Gehry) aurrez aurre. Dakizuenez, Wrightek bizitzaren azkenengo urteak New Yorkeko Guggenheim museoari eskaini zizkion. Bi eraikinen artean 50 urte besterik ez dira igaro, baina arkitektura estiloen gorakada (edo desagertze) esponentziala argi eta garbi azaltzen da New Yorken eta Bilbon eraikitako bi Guggenheim museoen alderaketa eginez gero.

Gurekin sartuko al zara? Goazen, seguru gozatuko duzula. Frank Gehryren eraikinean barrena egingo dugu, ados? Traza okerreko eskaileren mailak emeki jaitsiko ditugu, inguruari so lasaia egiteko. Esan, ikusten al duzu ordenarik? Modulurik? Behin eta berriro errepikatzen den neurri finkorik? Gogoan al duzu bestelako museorik, eraikin publikorik? Ez al zaizu burura etortzen Greziako tenplu baten irudia? Modernoa irudituko zaizu, segur aski, titaniozko erraldoia. Organikoa, bizia balego bezala, ezta? Gogoratu azkenengo hitz hori, organikoa, ados? Gerora maiz agertuko zaigun adjektiboa izango da-eta.

Hara! Ikusgarria da benetan Guggenheimeko atrioa; argiak nola jolasten duen erdiko hutsunearekin, eta, batez ere, nola igartzen diren tarteko solairuak, ezkutatuta egon arren. Ondo baderitzozu, New York Guggenheim museoari eskainitako aretotik hasiko gara. Bai, badakit ez dela orden egokia, eta beheko erakusketa ikusteke lagako dugula, baina tira, museoak jatetxeak bezalakoak dira, ezin da menuan agertzen den guztia irentsi! Horrela bi eraikinen arteko aldea ondo antzemango duzu. Atzetik aurrera egingo dugu, hau izan baitzen bere azkeneko proiektua, eta ezagunenetako bat. Maisu zaharrak Bosgarren Etorbideko hotel batean pasa zituen azkeneko sei urteak, obraren gorabeherez arduratzen.

Hori da, oso ondo, igarri duzu. Bi eraikinek, Bilbokoak eta New Yorkekoak, izaera organikoa dute, eta goitik argiztatzen dira hein handi batean. Tira, museo gehienek egiten dute keinu hori, arte-lanek behar duten argiztapen lausoa dela eta. Organikoa zer den? Beno, seguruenik Wrightek eta Gehryk modu ezberdinean ulertuko dute, baina nire interpretazioa emango dizut, ados? Beno bada, forma modu ekonomiko batean (ez bakarrik diru kontuetan) sortzea, naturak dituen arauen antzera. Hau da, hosto bati erreparatzen badiozu, egitura perfektua da, ez du soberan ezer, den-denak du bere zergatia. Logikoa da, baina, are garrantzitsuagoa, Wrightentzat ederra zen.

Ados, joko bat egingo dugu. Aukeratu gustukoen duzun etxea, eta gustuko zergatik duzun azaldu. Horretarako hurrengo aretora mugituko gara. Bertan, Oak Park-eko estudioan ari zela egin zituen etxebizitza askoren proiektuak daude ikusgai. Bai, denak dira nahiko antzekoak, baina saiatu zaitez garaian kokatzen. Ikusi data, 1900. urtea! Ez al zaizkizu nahiko garaikideak iruditzen? Tira, seguru nago zure herriko txaletak-eta jarri dituzten tokietan halako bat edo beste egongo dela.

Hau? Falling Water duzu gustuko? Beno, ez da harritzekoa, ikusgarria da. Ur-jauzi baten gainean eraikitako etxe honek ez du akaso Wrighten etxeen osotasuna irudikatuko, baina bere pentsamenduaren gailurretako bat da, ezbairik gabe. Wrightek naturarekin bildu nahi zuen hiritarra, eta bere etxeak helburu hori lortzeko makinak besterik ez ziren. Gaur eguneko arkitekto famatuek ez bezala, Wrightek eta bere ondorengo arkitekto askok gizartea arkitekturaren eraginpean ordena eta eralda zitekeela pentsatzen zuten.

Usoniar etxeak? Hori ba, hortaz ari natzaizu! Usonia hitza Wrightek asmatu zuen izenondoa da, USA hizkietatik eratorritakoa. Berak estatubatuarrentzat arkitektura berri bat asmatzeko saiakera egin zuen, hein handi batetan maisu izan zuen Luis Sullivanen influentziagatik. Premia hori ondo ulertzeko, AEBek izan dituzten erreferente ikonikoei erreparatu beharra dago. Herrialdea sortu zenean, demokrazia jaioberria zen, eta Europan nagusi zen oligarkiarekin eten nahi izan zuen, ideologikoki eta kulturalki. Demokraziaren idealak hobekien irudikatuko zituen estiloa hartu zuten amerikarrek, antzinako Erromako Errepublikarena hain zuzen ere (ba al zenekien Thomas Jefferson bera arkitektoa zela?). Mende bat igaro ondoren, ordea, oraindik gauzatzeke zegoen benetako usoniar arkitektura, Europako eredu zaharrak behin eta berriro errepikatzen baitziren.

Beno, irten gaitezen. Aurretik, gauzatxo batekin jabetzea nahiko nuke, bederen. Ikusten oin plantak? Irudi ederrak, ezta? Arretaz begiratu nola apurtzen duen Wrightek tradizionalki etxearen gelek eratzen duten kutxa. Zer esan nahi dudan horrekin? Ea ba, pentsa ezazu zure gelan, egongelan, jangelan, eta abar. Tradizionalki lau aldeetatik itxita dauden kutxak dira, ezta ala? Ba Wrightek kutxa horien erpinak nahastuko ditu, bata bestearekin nahastuz, normalean egongelako tximiniatik jaiotzen den espazio jarraitua lortuz.

Kafetxo bat hartuko al dugu? Artean, kuxkuxean ibil gaitezke pixka batean. Bai, arrazoi duzu. Tipo bitxia zen, benetan. Oso polemikoa, gainera. Bere garaiko morala behin baino gehiagotan eskandalizatu zuen gizona izan zen. Pasarterik entzutetsuena Oak Parkeko bezero baten emaztearekin Europara ihes egin zuenean jazo zen. Oak Park gogoratzen, usoniar etxeak? Urte batzuk eman zituen Adler & Sullivan estudioan behargin, eta kanpotik zetozkion enkarguak gauez eta aste bukaeretan burutzen zituen, betiere nagusien ezkutuan. Sullivanek, jakin zuenean, berehala bidali zuen estudiotik.

Horrela ba, Oak Parkeko bezeroen etxebizitzak eraikitzen hasi zen. Wrightek bere burua jeniotzat zuen, eta nire aburuz, hala zela uste dut, baina kritikoak ez datoz bat. Bere ukaezinezko jenialtasuna alde ilun batekin tartekatzen zuen; modu etengabean zorretan sartzen zen arkitektoa agertzen zaigu orduan, bezeroen usteak eta nahiak aintzakotzat hartzen ez zituena, eta helburu estetikoen alde eginez esparru teknikoak alboratzen zituena.

Anekdotak? Hamaika dira! Behin bezero batek egin berria zen etxeko egongelako mahai gainean itogin bat topatu zuen; tantaka altzaria hondatzen ari zen. Arkitektoarekin hitz egin ahal izan zuenean, honakoa esan zion: «Itogina duzula mahai gainean? Erraza, mugitu mahaia!». Beste istorio barregarri bat Prairie House etxeen proiektua argitaratu zuenean gertatu zen: gure Frank maiteak etxe ideal bat irudikatu zuen. Tximini-altzoa etxeko bihotz bihurtu zuen, sabaien altuera gutxituz, ideala zen altuerara arte: metro bat eta hirurogeita hamar zentimetro. Hain zuzen ere… Wright beraren altuera!

Taliesineko eskolan ere badaude pasadizo bitxiak. Taliesineri buruz ez natzaizu orain arte jardun, barkatu. Bere etxea eta lantokia zen, eta hiru bertsio ezberdin eraikin zituen, bizitzaren gorabeherak tarteko. Ankerrena, dudarik gabe, 1914an gertatu zen; etxeko zerbitzuko behargin batek bere bigarren emaztea eta bi seme-alabak hil eta etxeari su eman zion. Taliesin etxearen errautsetatik, Taliesin II.a sortu zen.

Bere burua berriz asmatzeko betebeharra zuen aurrez aurre Wrightek beste behin ere. Lehen eta bigarren Taliesin etxeei hirugarren bat gehitu zien, baita Arizonan ezarritako Taliesin West ere udako eskola bezala.

Txist…Orain baxu hitz egin, ea zer edo zer ulertzeko gai garen… Gela honetan maisuaren elkarrizketa bat agertzen da, bideoan. Jarri aurikularrak nahi baduzu, nik bere ahotsa entzun nahi dut, nahiz eta ondo ulertu ez. Oso gizon politikoa zen Wright, benetako liberala. Bere familia zeharo progresista zen, gutxienez arlo publikoan. Bere bi izekoen ikastetxea AEBetan neska-mutilak eskola berean elkartzen lehenbizitarikoa izan zen.

Frank Wrighten amak txikitatik suspertu nahi izan zuen bere semearen irudimena, eta arkitektura ikastera bultzatu zuen. Familiaren balio trinkoak jaso zituen arkitektoak, eta bere obran zehar sekulako isla izan zuten balio horiek; etxearen antolamendua familiaren irudikapena da. Alde negatibo bezala, amarekiko dependentzia gogorra izan zuen. Bera hil arte, adibidez, ez zuen bere lehen emaztearekin dibortzioa sinatu.

Ah! Entzun duzu? Hor balio demokratikoez ari zen. William Morris datorkit burura, akaso bera Arts & Craft mugimenduaren aitzindari izan zelako. Ezin da esan Wrightek mugimendu honen postulatuak jarraitu zituenik, baina oso gertukoak dira. Morrisek, Wrighten antzera, demokrazia eta indibidualtasuna hertsiki loturik daudela sinesten zuen. Nolabait, amerikar lautada zabaletan jaiotakoak gizarte eredu berri baten oinordeko zirela uste zuen.

Taliesin eskola ideal horien paradigma bihurtu zen; Depresio Handiaren garaian, Frank Wrightek eskola edo komuna antzeko zerbait antolatu zuen. Bertan, ikasle bakoitzak auto irakaskuntzaz baliatu beharra zuen, eta bere kabuz eraiki behar zuen Arizonako udara igarotzeko kanpin denda.

Ez du oso amerikarra ematen, ezta? Begira, hiru gela hauek batera ikusiko ditugu. Hemen Wrighten eraikin publikoak aztertzen dituzte. Komentatu dizut lehen zenbaterainoko kezka sortzen zion arkitekturak gizartearen eraldaketa ahalbideratzeak, ezta? Saiakera batzuk ditugu hemen.

Larkin bulegoekin has gaitezke. Gerora etorriko ziren bulego-eraikin askok hemendik hartu zuten eredua. Ikusten nola egiten duen goitik argiztatzeko? Zer edo zer gogorarazten? Atrioaren ideia, barrura begiratzen duen eraikina azaltzen zaigu berriro ere. Benetan kuriosoa da nola ebazten dituen Wrightek tipologia ezberdinak sistema berdintsuekin; Beth Sholom sinagoga, Larkin bulegoak eta Guggenheim museoaren eraikina bera barnealdera iraulitako eraikinak dira. Hiru eraikin horiek, beren era bereziekin, erlijioari, diruari eta kulturari eskainitako egiturak dira.

Eta zuk zer uste duzu? Halakorik eraikitzea posible dela? Hau da azkeneko gela. Hemen bere azkenengo urteetan egindako proiektuak daude ikusgai. Batzuk eromenaren sormenak direla eman dezake, baina ez da horrela. Ia ehun urteko jarduera profesional bat eta gero, behin baino gehiagotan berrasmatzeko ahalegina egin behar izan zuen arkitekto honek.

Gainera, aitzindaria izan zen, bere garaiaren oso aurretik egon zena. Gaur egungo lurralde-hiri kontzeptua aurreratu zuen adibidez. Broadacre city zeritzon, eta, nolabait, hainbeste gorroto zuen hiriaren eta hain maiteko zuen landa lurraren arteko uztartze saiakera bat izan zen. Gizarte sistema oso bat asmatu zuen, non familia bakoitzak akre bateko baratzea izango zuen, eta lanetik irten eta gero baratzea lantzeko tartea bilatuko zuen.

Autoaren beharra izango luke sistema horrek, halaber, baina berdin zitzaion Wrighti. Gordon Strong behatokiaren proiektua (gogoratzen maketa erraldoi hori?) autoaren ibilbideen menpekoa zen erabat. Makinaren menpekoa.

Ez dakit ezagutzen duzun, baina Le Corbusier berak (amerikarrentzat Wrightek suposatu zuena suposatu zuen Le Corbusierrek europarrontzat) Ville Saboye deritzon proiektu famatu batean keinu berbera errepikatu zuen lau urte geroago. Hasiberri zen arkitektura modernoak, mirespena erakusten zion makinari.

Ondo pasatu al duzu? Nik behintzat bai. Ni banoa, gelditu zu hemen, ordea, eta gal zaitez plano eta perspektiba ederretan, merezi du-eta. Saia zaitez, lantzean behin, proiektu bakoitzak alboan duen data begiratzen, edota argazkiek erakusten dituzten autoak ikusten. Erreparatu formetan, organizitate horretan. Ez da batzuetan nabarmena izango, naturak ez baitu su artifizialik erabiltzen.

Tags:

This is a unique website which will require a more modern browser to work! Please upgrade today!