Our Blog

Hiria eta kolektiboak

Partaidetza. Badirudi hasiberria den mende honetan, hirigintzak eta partaidetzak aurretik ezagutu ez duten garrantzia izango dutela. Lurzoru lege berriak ere aipatzen du partaidetza sistemak sustatu behar direla. Hainbat ahots behetik-gora (bottom-up) egiten duen plangintza urbano bat ari dira eskatzen, normalki politikariak eta hiritarrak banatzen dituen harresi ikustezina erauzteko ahaleginetan.

hk

Getxo udalerrian, Azkorriko landetan, PTPak araututako 8.000 etxebizitzaren eraikuntza Imanol Landa alkateak aginduta geldiarazi dute eta hartutako ebazpena baliogabetu. Polemika eta hiritarren presioa dela-eta, Bizkaian egingo zuten operazio urbanistikorik handiena bertan behera utzi dute, analisi eta irtenbide berrien zain.

8.000 etxebizitza ia-ia 25.000 biztanle dira, herri oso bat. Hiriaren bilbea modu organikoan hazi behar bada, zabalgune berriak ezin dira udaletxe bateko bulego batean erabaki. Partaidetza sistema berriak aurkitu behar ditugu.

Partaidetzak, bakartuta eta marginatuta dauden ahotsak barruan sarraraztea esan nahi du. Emakumeak izan dira, historikoki, zapalduenak. Gizonen eskuak izan dira hiriaren sortzaile, eta gaur egun ere hiri-bilbearen diseinua aztertzen badugu, hiritar eredu bakar bati erantzuten diola konturatuko gara.

Eredu hori, nola ez, arra da, 18 eta 65 urte bitartekoa, ez dauka inongo ezintasunik, ez dauka seme-alabarik, lana eta bizilekua hiriaren (edo probintziaren) mutur banatan dauzka eta, noski, autoz mugitzen da. Gizona, beste hitz batzutan, homo kapitalensis. Eraso sexualik jasango ez duena eta, beraz, hiriko edozein puntu beltzetik aise ibil daitekeena, beldurrik gabe.

Arkitektura ikuskizuna bihurtu den mende honetan, lasaigarria da beste era bateko planteamenduak aurkitzea, falokratismo arkitektonikotik at. Hiria Koletiboarekin egiten dugu topo; Amaia Albeniz, Ane Alonso, Oihane Ruiz eta Koldo Telleria arkitekoek osatzen dute. Sei urte daramate hirigintza egiteko modu ezberdinak azaltzen.

HK-k hainbat udalentzat (Ondarroa, Hernani, Bilbo) genero eta hirigintza ikerlanak egin ditu, hainbat tailerren bidez hiritarra bera protagonista bihurtuta. Bilboko Aste Nagusi euritsu baten teloia atzean eta kafe bi aurrean, Hiria Kolektiboa tartean topatu dugu.

Posible al da benetako partaidetza lortzea hiriaren diseinuan?

Norentzat diseinatzen den aztertu behar da. Langile produktiboa hirian bizi diren kolektibo guztietatik bat besterik ez da (langile erreproduktiboa, adindun jendea, gazteak, etorkinak, elbarrituak), eta orain arte hiriaren diseinua ere, kolektibo bakar horri kasu eginda egin izan da. Horrek esan nahi du biztanleriaren %85 ezegokia den hiria bizi duela.

Lan tresnak aldatu behar dira. Soziologiatik, antropologiatik, ekonomiatik eta beste hainbeste diziplinatik hartutako teknikak erabili behar dira hiriaren azterketan eta diseinuan. Espazioen egokitasun fisikoaz aparte, kulturalki eta identitate mailan nola funtzionatzen duten, oso garrantzitsua eta kontuan hartzekoa da.

Zeintzu espazio ikusten dituzue galduta hirian? Eta irabazita?

Bilboko Udalarentzat espazio publikoen azterketa bat egin genuen, genero perspektibatik dekalogo bat sortzeko nahian. Azterketa egin eta gero, konturatu gara espazio asko ez direla egokitu garaien arabera, eta lehen aipatu bezala, pertsona mota bakarrarentzat pentsatu direla. Adibidez, guretzat eredugarriena Bilboko Uribarri plaza izango litzateke, orientazioagatik, ekipamenduagatik eta erabileragatik. Okerrena, Bilbon ere, Miribilla auzo berria zeharkatzen duen etorbidea. Makroparkeak oso aldiro erabiltzen diren espazioak dira, zeharo desegokiak eguneroko bizitzarako.

Zer egin dezakegu hainbeste autorekin?

Adibidez Bruselan alokairuko autoak ari dira erabiltzen, urtean 300 euroko kuota bat ordainduta 100 kotxe-eguneko «bonoa» eros dezakezu, behar duzunerako.

Hiru aholku Euskal Herriko udalentzat.

Alde batetik, umiltasuna behar da. Urbanistak ez du irtenbide magikorik, hirian bizi direnei entzun behar die eta haiei kasu egin. Galdetu. Adibidez, emakumeak historikoki espazio publikoen jabe izan dira, gizonak lanean sartuta zeuden bitartean, emakumeek herria eta beren espazio publiko guztiak bizi eta erabiltzen zituzten. Jendeak du erantzuna. Gero, denbora perspektiba; hirigintzak gauzak aurreikusi behar ditu, egongo diren aldaketak (kulturalak, demografikoak, teknologikoak), eta aurreikuspen hartatik harago jo. Azkenik, espazio publikoak normalean eraikuntza proiektuarekin bukatzen badira ere, horretaz harago kudeaketa bat egon beharko litzateke, espazioak erakargarri eta jostagarri bihurtzeko.

Arkitektoaren irudia «salbatzaile» paperetik aldendu al da, ala oraindik izaki ahalguztidun gisa dago ikusita?

Bai, oraindik ere joera hori badago. Urbanista tresna bat gehiago izan behar da, besterik ez. Modu ideal batean, soziologo, antropologo, psikologo, artista, nekazari eta ekonomilariekin bat egin beharko luke, hierarkikoki maila berean, eta diziplinartekotasun batetik abiatuta, hiri diseinua landu».

Espazioen kudeaketa. Umiltasuna. Jendeari galdetu. Denontzat hiri bat. Gizalegezko gauzak ematen dute. Baina ez dira. Paradigma aldaketa bat beharko dugu, baina hiri osasungarri bat nahi izanez gero, ezinbestekoa da.

Tags:

This is a unique website which will require a more modern browser to work! Please upgrade today!