Our Blog

Riot architecture

Iskanbilen ostean, hiri normal bat izutuago izango da, autoritariagoa, bananduagoa, esklusiboagoa eta tolerantzia txikiagokoa. Hau da gerra ondoko mendebaldeko hiri-iskanbilen benetako tragedia, hasiera batean kolpatzen gaitu, zeharo izutuz, eta orduan, momentu batez, zein hiri-motarantz jo beharko genuke hauteman daiteke, begi aurrean agertzen zaigun tximista bat bezala, nahiz eta, gerora, tximista horrek iluntasunera jo. Normaltasunera berriro ere».

riot

Hitzok Wouter Vantisphout arkitekto eta Crimson Architectural Historians taldearen kidearenak dira, eta Frantziako 2005eko iskanbila sozialen harira datoz. Alta, Londreseko eta Erresuma Batua osoan jazotako iskanbilak aitzaki hartuta, hona ekarri ditut, arkitektura eta tankera honetako iskanbilen arteko erlazioaren zertzelada batzuk emate aldera. 2005eko azaroa; garaian Frantziako presidentea zen Jacques Chiracek lasaitasuna eta normaltasuna ospatu zituen, «banlieu» aldirietako auzoetan aste beteko iskanbilen ostean; normaltasun horrek zera suposatzen zuen, gauero 1000 eta 1500 auto kixkaldu ordez «normalak» ziren 50 edo 150 kotxe soilik erretzea. 70ko hamarkadako estiloan eraikitako eraikinak (Erresuma Batutik eratorritako brutalismo estiloa, hain zuzen ere) eguneroko tragedia arrazial «normalaren» agertoki izatera bueltako ziren.

Vantisphouten hitzak Londreseko Architectural Association School of Architecture famatuan entzun ziren, «Blame the architect» (bota errua arkitektoari) hitzaldian zehar. Bertan, holandarrak hiri-iskanbilak eta arkitekturaren artean egon daitezkeen loturen inguruan jardun zen, Arkitektura eta Politika xede duen ikerketa programa baten barnean koka daitekeen hausnarketa, hain zuzen ere. Bere ikerketetan, holandarrak ez du, arkitekturan ohikoa den moduan, arkitekturan gizartea zein modutan lagun dezakeen bere buruari galdetzen, baizik eta kontrako bidea jorratzen du: nozi kaltetzen du arkitekturak gizartea? Abiapuntua hori izanik, hiri iskanbilak eta arkitekturaren arteko lotura aztertzeari ekin dio Vantisphoutek.

Bai Frantziako iskanbilak, bai Londreseko hauetan ere, arkitektura plangintza erraldoien itzala egon da; 2005eko iskanbilak eta gero, urte batzuetara eta boterera igo berri zen Sarkozy oldarkor baten ahotik, Grand Paris plangintza etorri zen, Pariseko aldiriak goitik behera zaharberritzeko faraoien moduko ekimena. 2011ean ordea, 2012an ospatu beharreko Joku Olinpikoen itzal luzea dugu. Ekimenok, ordea, gizartea hobera edo okerrera eramaten al dute? Nago ekimen berriok (Grand Paris, Joku Olinpikoak) hiri zaharra osotu eta sendatu ordez, ez ote diren gaitza estaltzeko gehiegizko keinu megalomanoak izango.

Tags:

This is a unique website which will require a more modern browser to work! Please upgrade today!